You are on page 1of 3

Arteak Iruñea hartu zuenekoa

Madrilgo Reina Sofia Museoak 1972ko Iruñeko Topaketen gainean paratu duen
erakusketa 2010eko otsailaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Iruñeko Topaketak gogora ekarriz, haien garrantzia nabarmendu nahi da, eta beste
irakurketa bat eskaini topaketen gainean.

Encuentros Pamplona 72. Fin de fiesta del arte experimental erakusketa


kronologikoki dago antolatuta, eta ikuslea egunez egun darama, hasi 1972ko ekainaren
26tik eta uztailaren 3a arte. Topaketa haietan egin ziren ekintzarik gehienak ez ziren
inon jaso, ia ez dago dokumenturik, eta beraz, komisario lanetan aritu den Jose Diaz
Cuyasek egunkarietako artxiboetara jo du, katalogoetara, esku orrietara, argazkietara.
Topaketen testuingurua jasotzen saiatu da, eta asmatu egin du. Argazkietako batean, lau
neskato ageri dira, eta haietako bat, Lugan artista madrildarrak Sarasate pasealekuan
jarritako ehun telefonoetako batetik hizketan ari da. Horixe zen topaketen asmorik
behinena: artearen mugak zalantzan jarriz, artistak eta herritarrak harremanetan sartzea.
Egunkarietako kronikak irakurrita, lanak ematen ditu egun haietako Iruñea
irudikatzeak. Zer izango zen iruindarrentzat, nola hartuko zuten abangoardiako arteak
astebetez hiria hartzea? Txorakeria irudituko zitzaien, ala ustekabeko askatasun eremua?
Burgesen denbora-pasa elitista, ala eztabaidarako eta aldarrikapenerako aukera
paregabea? Irakurtzekoak dira, garaiaren zantzua eskaintzen duten heinean, topaketetan
parte hartu ala ez erabakitzeko euskal artistek apirilaren 17an egindako asanbladaren
akta, edo Valentziako Equipo Crónicak euren baietza justifikatzeko idatzitako
komunikatua. Batean zein bestean, Herria eta Kultura ziren hitzik errepikatuenak.
Artista batek baino gehiagok egin zion uko, arrazoi politikoak zirela kausa, topaketetan
parte hartzeari. Eta parte-hartzea ziurtatu zuten beste askori harrituta galdetu zitzaien
nolatan parte hartu behar zuten frankismopeko Iruñeko Topaketetan. Hauxe izan zen
John Cage musikariaren erantzuna: “Nixonen AEBetan jotzen badut, zergatik ez dut
egingo Francoren Espainian?”. Eztabaida honek antzua irudi lezake gaurko begietara,
baina kontuan hartu behar da zein egoera bizi zuen Hego Euskal Herriak 1972an.
Espainiako Gerra Zibilaren ostetik, frankismopean igarotako urteak luze doaz,
eta 60ko hamarkadan egoera aldatzen hasi bada ere, luzea da botere atzerakoien itzala,
Elizarena eta Opus Dei-rena tartean. Hala ere, nabarmena da gizartea aldatzen ari dela:
grebak ugaritu egin dira, ETA indarrez sartu da bizitza politikoan, eta kanpotik egiten
den presioa gero eta gogorragoa da. Nahita ere, erregimenak ezin dizkio ateak itxi
munduari. Gehienez ere, edozein kultur ekitaldi bere aurpegia garbitzeko erabiltzea
geratzen zaio. Baina jendea ez dago isilik egoteko. Ordura arte baino askoz gehiago
mugitzen da, beste lekuetako berri jakin nahi du. Askok, Iparraldean bilatzen du
Hegoaldean aurkitu ezin duena. Esther Ferrer artista donostiarra da horietako bat.
Frankismoa kontzentrazio-eremu mentala iruditzen zaio. Eta mugaz bestaldean bilatzen
duena, ez da bakarrik politikari buruzko informazioa, baita munduko artistak zertan ari
diren esango diona ere.
Eta derrepente, bila joan beharrik izan gabe, munduko artistak dira bertara
datozenak. Eta ez edozein, gainera. Musikarien artean, besteak beste, John Cage bat,
David Tudor bat edo Steve Reich bat daude parte hartzaileen zerrendan. Baina ez da
mendebaldea bakarrik Iruñera datorrena: Keralako Khatakali, Hussein Malek irandarra
edo Trân van Khê vietnamdarra ere bertan dira. Eta haiekin batera, Esther Ferrer bera
ere bai, Walter Marchetti eta Juan Hidalgorekin osatutako Zaj taldearekin. Oso jende
gutxik ezagutzen zuen mundua da iruindarren belarrietatik eta begietatik barrena sartuko
dena.
Mundua Iruñera ekartzearen ardura, hilabete askotako antolakuntza lanarena,
ALEA taldearen sortzaile Luis de Pablo konpositore bilbotarrarena izan zen, batik bat.
Baina ez zegoen bakarrik, Jose Luis Alexanco izan zuen ondoan. Bien artean joan ziren
artistak biltzen. Eta hasiera batean uste zutenaren kontra, ezetzak ez ziren hainbeste
izan, eta gonbidatutako artista gehienek berehala eman zuten baiezkoa. Artista batzuek
gainera, beste artista batzuk lotzeko bidea eskaini zieten antolatzaileei; New Yorken bizi
zen Antoni Muntadas artistak, esaterako, gutuna idatzi zien, garai hartan oso berria zen
bideo-artea erakusteko aukera bazegoela esanez. Sustatzaileen eta antolatzaileen baietza
jasota, Avalanche aldizkariko Willboughy Sharp kritikoak orduko bideo-artearen onena
erakusteko bilketa lana egin zuen, beren beregi Iruñeko Topaketetarako. Eta gauza bera
gertatu zen beste arloetan ere. Azkenean, uste baino artista gehiago lotu ziren
ekimenera, eta topaketen iraupena zortzi egunera luzatu behar izan zuten. Bete-betea
zetorren astea.
Ekainaren 26an eman zitzaien hasiera topaketei. Abian zen zoramena. Astebetez,
Iruñean artearen esparru guztietako artistarik berritzaileenak ikusteko aukera izango
zen: bideo-artea, konputagailuz egindako artea, poesia fonetikoa, poesia konkretua,
ekintza artistikoak kalean, era guztietako kontzertuak. Munduan oso leku gutxitan
zegoen halako egitaraua zeukan topaketarik.
Baina lehenengo egunetik joan zen giroa nahasten. ETAk Sanjurjo jeneralaren
estatua zartatu zuen, eta komunikatu bat atera zuen Iruñeko Topaketen kontra
(Lazkaoko Beneditarren Artxibotik berreskuratua, ikusgai dago erakusketan).
Arratsaldeko lauretan ireki zuten, Nafarroako Museoan, Arte Vasco Actual izeneko
erakusketa. Antolatzaileek Dionisio Blancoren lana kendu egin zuten, eta erantzun gisa,
Ibarrolak ere kendu egin zuen berea. Beste batzuek lanei buelta eman, eta paretari
begira jarri zituzten. Antolatzaileen esanetan, topaketak bertan behera ez geratzeko
erabaki zuten Dionisio Blancoren lana kentzea.
Protesta eta eztabaida giroan egin zuten aurrera topaketek, eta garaiko kroniken
arabera, jendearen parte hartzea sekulakoa izan zen. Ekitaldia edozein zela ere, aretoak
bete egiten ziren. Jendeak ez zekien zer ikusi, zer entzungo zuen, baina nobedade
goseak bultzatzen zituen, askatasun egarriak.
Equipo Crónicakoak harrituta geratu ziren; “Espectador de espectadores”
izeneko 100 panpina eraman zituzten Iruñera. Garai hartako polizia sekretu baten itxura
zeukaten panpina hauek. Luc Ferrarik Labrit frontoian eman behar zuen kontzertuaren
aurretik, hantxe jarri zituzten, publikoarentzat ziren aulkietan, sakabanatuta.
Kontzertuak aurrera egin ahala, jendeak kolpeka ekin zion panpinen aurka: batzuk
hautsi egin zituzten, beste batzuei burua moztu zieten, eta osorik geratu zirenak kanpora
atera zituzten. Hurrengo egunetan autoen barruan edo kaleko bankuetan azaldu omen
ziren. Artea aitzakia zen, artea festa zen, artea askatasuna zen, astebetez bederen.
Iruñeko Topaketen irudi ikonoa Jose Miguel Prada Poole arkitektoaren kupula
neumatikoak izan ziren, eraikin efimero bat. Gaur Baluarte zurruna dagoen tokian
altxatu zuten, eta hantxe egin ziren erakusketa, errezitaldi, eztabaida gehienak. Beste
inon ezin eta, hara bildutakoek edozein ekitaldi baliatzen zuten aldarrikapenak egin eta
eztabaidak plazaratzeko. Halako batean, baten batek zulatu egin zuen plastikozko
burbuila, eta berriro ez puztea erabaki zuten.
Horrexegatik bihurtu zen topaketen irudi ikonoa.

You might also like