You are on page 1of 1

Arrasate Zero Zabor

Mila esker gaurkoan guregana hurbildu zareten guztioi. Prentsaurreko hau, Arrasate zero zabor taldearen sorreraren berri emateko izan da antolatua. Hondakinekin dugun arazoari aurre egin nahi dion lan talde bat gara, gaur egungo hondakinen kudeaketa sistemarekin bat ez datorrena eta irtenbide alternatibo bat aurkitu nahi duena. Esan dezakegu, gaur egun hondakinen inguruan bizi dugun egoera kritikoa dela. Eta kritikoa da ez herri mailan bakarrik, baita eskualde edota mundu mailan ere. Gaur egungo kudeaketa okerrak jasangarritasun bidean joan ordez aurkako norantzan garamatza, arazoa gero eta gehiago larriagotuz. Gure helburua arazo honi irtenbide bat ematea da, arrasatear guztiak inplikatuz, herritarrei arazoa zertan datzan jakinaraziz eta herri mailan gai honen inguruan eztabaida sustatuz. Gu gara arazo hau sortu dugunak, eta guk aurkitu behar ditugu dagozkion irtenbideak! Helburu hau lortu ahal izateko gure proposamena Zero Zabor programa da: Programa honen xedea gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor ez bihurtzean datza. Hau da, hondakinak zabor ez bihurtzea. Produktuak erabili ondoren irtenbidea eman behar zaie, zaborrik ez sortzera heldu arte. Horretarako hiru ildo jarrai ditzakegu: murriztea: hondakinik onena sortzen ez dena baita; berrerabilpena: produktuaren bizitza luzatuz hondakinak sortzeari uzten baitzaio. eta birziklapena: sortutako hondakinak tratatu zabor bihur ez daitezen.

Natur baliabideak ustiatu eta gutxitu diren bitartean, material horiek berreskuratzen uzten ez digun sistema lineala dugu.Sistema zirkularrera pasatzea da guk proposatzen duguna. Honek, material berreskuragarriak erabiltzeaz gain, berreskuratzeko bilketa sistema egokia baitakar. Badakigu zaila egiten zaigula gure ohiturak aldatzea, baina sortu dugun egoera honi aurre egiteko, arazoaren inguruan kontzientziazioa eta inplikazioa beharrezkoak dira. Arazoari errotik heldu behar baitzaio. Aurrera atera nahi dugun proiektu hau ingurugiro zein herritarren onerako da.Bertan sartuta gaudenak ez daukagu inongo interes politiko zein ekonomikorik gai honen inguruan. Nahi duguna informazioa zabaltzea da, proposatzen dugun aldaketaren aurrean herriaren parte hartzea eskatuz. Horregatik, interesa duen pertsona oro gonbidatzen dugu gurekin kontaktuan jartzera ekimen honek jende gehiagorengana iristeko bultzada izan dezan. Eskerrik asko etortzeagatik eta hurrengorarte! ARRASATE

You might also like