You are on page 1of 3

BILDUKO ALKATEEN AGERRALDIA

Egun on denoi eta eskerrik asko etortzeagatik Hemen gara hiri hondakinak atez ate biltzeko hautua egingo dugun Gipuzkoako Bilduko alkateetako batzuk. Udalerri handiak: Tolosa, Arrasate, Bergara, Pasaia eta Azpeitia bezalakoak; txikiagoak ere bai Legorreta, Eskoriatza, Villabona, Orio edota Lazkao bezalakoak, 34 orotara, denok prestutasunez, denok batera, helburu garrantzitsu bati heltzeko irrikaz: Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean urratsak egitea. Gipuzkoar guzti-guztiok arazo bat dugu hondakinen kudeaketarekin. Arazo larria gainera. Azken hamarkadatan hondakinak zabor bezala tratatu izan ditugu, neurrigabe sortu, nahasita bildu eta mendizulo beltz batera bota. Konponbidea zelakoan. Kutsadura sortu dugu, gure osasuna arriskuan jarri eta Gipuzkoa hondatze bidean ipini. Ondoren errauste planta batekin mehatxatu gaituzte. Gas isurketa pozointsuez gain, zabortegien arazoarekin amaituko omen zuen errauste plantarekin. Ezkutatu egiten dute, ordea, errausgailuak ere zabortegia beharko lukeela, osagai toxiko eta arriskutsuak biltzeko zabortegi beldurgarria. Hau ere konponbidea delakoan. Gezurra. Hemen bildutako alkateak, hala ere, ez gaude kezkatuta. Zalantzarik gabe esan dezakegu konponbidea gure esku dagoela, ziur gaude guk sortutako arazoa guk konponduko dugula, herritarrengan sinesten dugulako, pertsonengan. Gure herrietan, denon artean, hondakinen tratamendurako hierarkia errespetatuko dugu eta hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko urratsak egingo ditugu. Gipuzkoarrok, eta oro har, euskaldun guztiok, aukera izan dugun bakoitzean erakutsi dugu erronkei aurre egiteko kemena dugula. Herri aurreratua gara, kooperatiben seaska gara, sare industrial garrantzitsua eraiki dugu, euskararen galbideari stop esan diogu, elkartasuna bezalako baloreak oso errotua daude gure artean Aberats sentitzen gara. Eta aberats sentitzen gara gauzak ongi egin izan ditugulako eta Bilduko alkateok, herritarrekin batera, gauzak ongi egiten jarraituko dugu.

Horregatik, jakinda hondakinen %90 birziklagarria den arren Gipuzkoan %25 inguru birziklatzen dugula soilik, 34 herri hauek garbi dugu orain arteko ekimenek huts egin dutela, antzuak direla eta horri buelta emateko gure esku dauden neurri zehatzak hartuko ditugu. Gure herrietan, mankomunitateen laguntzarekin, konpostatzeko kanpaina zabalak bultzatuko ditugu familia gipuzkoarron artean, eskoletan, jatetxeetan, fabriketan gipuzkoarrok ongi egingo dugu. Mundu osoko herrialde zentzudunek egin ohi duten bezalaxe, bilketa emaitza emankorrenak eman ohi dituen atez ateko bilketaren aldeko hautua egingo dugu, honela, iragartzen dugu bihartik aurrera bere baitan 250.000 biztanle inguru dituzten 35 herriok plenoz erabakia hartuko dugula hondakinak atez ate biltzeko, gauzak ongi egiteko. Gipuzkoa berri bat eraikiko genuela esan genuen hauteskundeetara aurkeztu ginenean, hondakinen gaian bihartik aurrera martxan gaude. Gipuzkoa garbi eta osasuntsu bat egitera goaz, sukaldean ohitura aldaketa xume batekin herritarrok Gipuzkoa eraldatzera goaz. Legorretako udala izango da atez ateko bilketa egitea erabakiko duen Bilduk gobernatzen duen lehen herria, bihar bertan. Legorretaren atzetik gu denok goaz. Horrela, lehen atez ate biltzen ari ziren Usurbilekin, Hernanirekin, Oiartzunekin eta Antzuolarekin batera ia 300.000 gipuzkoar izango gara hondakinen gaiari benetako konponbidea emango diogunak. Gipuzkoa zero zabor lurralde bihurtuko dugunak. Donostian, 2012ko otsailaren 22an

You might also like