You are on page 1of 3

2017ko SANTA KLARAK EZ DIRA OSPATUKO.

PRENTSAURREKOA
Dakizuen bezala 2017ko Santa Klara festak bertan behera geratu dira festetako lehen
egunean. Erabaki honen arrazoi nagusia da urtetik urtera gero eta oztopo gehiago ipini
dizkigutela festa hauek aurrera eramateko, eta atzo gertatutakoa neurri jasanezinera iritsi zen.
Kito esatea erabaki genuen.

Udalak dagoeneko egin du bere adierazpena gertatutakoaren inguruan. Orain guri dagokigu
benetako bertsioa esplikatzea. Ezer baino lehen, aurreko urteetan gertatutakoak aipatu nahi
ditugu. 2014.urtean auzotar baten salaketa jaso genuen festen baldintzak jasanezinak zirelako.
Komisiyuak auzotar horiekin eta Udalarekin hitz egitea eskatu genuen eta ezezkoa jaso
genuen, ez zuten ezer adostu nahi izan, salaketa indarrean mantendu zuten eta plazaz aldatzea
beste erremediorik ez ziguten jarri. Plaza errekuperatzen saiatu ginen eta herritarren babesari
esker lortu genuen Urdaneta kalera itzultzea. Prozesu horretan behin eta berriz eskaini genuen
kexak zituzten auzotarrekin eta Udalarekin hitz egin eta baldintzak zehaztea, eta elkarrizketak
ukatu zizkiguten. Festak Urdaneta kalean egin ziren eta berehala auzotarrei inkesta bat pasa
genien zer balorazio egiten zuten jakiteko, eta gehiengoari baldintza egoki eta jasangarriak
iruditu zitzaizkion; horregatik saiatu gara aurten ere iazko lekuan festak egiten.

Azken finean, urtero gertatzen dena hauxe da: Urtarriletik saiatzen gara festak antolatzen,
urtarriletik eskatzen diogu Udalari baldintzak adosten hasteko eta festak hasi baino hilabete
lehenago arte ez dugu erantzunik jasotzen. Baldintzak eztabaidatzea beranduegi denean
jartzen dira gurekin kontaktuan, eta beraiek inposatutakoari baietz esatea beste erremediorik
ez dugu izaten festak aurrera eramateko. Eta baldintza horiek gero eta okerragoak dira. Hori al
da Udalak hainbeste aldarrikatzen duen elkarlana?

Jarrain, aurten gertatutakoaren berri eman nahi dugu. Lehenik eta behin, azken bi
hilabeteetan deika ibili ginen udaletxera baldintzak adosteko. Eta festak hasi baino bi aste
lehenago onartu ziguten bilera hori. Bileran aipatu ziguten kontzertuen bolumenaren muga 92
dB izango zela. Komisiyuak adierazi zion Udalari ia seguru ezingo zela kontzerturik egin muga
horrekin, baina ez ziguten baldintzarik aldatu. Festak egin ahal izateko baldintza horiek bai edo
bai sinatu behar genituen. Abuztuaren 9an, festaren aurreko egunean, berriz ere bilera batera
konbokatu gintuzten eta festetako baldintzak Bando batean argitaratuko zituztela adierazi
ziguten, jadanik Bandoa bidalita zegoela. Zergatik agertu da Azken Portun bando hau eta beste
herriko ekitaldietan ez? Bandoa ondo ikusten dugu, baina leku guztietan berdin.

Iritsi zen abuztuaren 10a. Soinu froga arratsaldean hasi zen, 92 dB-tan mugagailuak ez
saltatzeko saiakera guztiak egin zituzten eta gaueko 10:30tan erabaki zuten ez zela teknikoki
posible kontzertua egitea. Orduan Komisiyoko kide bat jarduneko alkate Jesus Aranarengana
joan zen berria ematera: musika taldeek beraiek esan zutela ez zutela baldintza horietan joko,
ezinezkoa zelako teknikoki. Aranak berak prentsaurrekoan esan bezala, musika
teknikariengana gerturatu zen, egoera nola zegoen ikusi zuen eta konturatu zen 92 dB-tan
ezinezkoa zela. Une horretan proposatu zuen mugagailua 95 dB-tara igotzea. Musika taldeek
denera hiru froga egin behar izan zituzten, eta emaitza garbia izan zen: mugagailua kendu
beharra zegoen. Aranak beraz salbuespena egitea proposatu zuen, mugagailua kendu eta
Aranak berak kontrolatzea musikaren bolumena. Bere prentsaurrekoan 120 dB-tara igotzea
proposatu zuela esan du, baina hori gezurra da. Nia Coyoteren tekniko Iker Alzagak argitaratu
berri du 102 dB izan zela Aranak proposatu zuen bolumenaren muga. Egia da ondoren
mugagailua kentzea proposatu zuela, baina berak kontrolatuko zuela bolumena; eta soinu
teknikari gisa jardungo zuela. Kontuak kontu, musika taldeek froga mordoak eginak zituzten
jada, eta kontzertua 1:15ean hasiko zen, 2:30tan bukatzeko, ordu eta laurden bi talderentzat,
eta musika teknikari bezala esperientziarik ez zuen pertsona bat mahaia kontrolatzen. Horiek
ez dira baldintzak kontzertu baterako, halaxe adierazi ziguten musika taldekoek eta
kontratatutako teknikariek eta hori adierazi genion guk jarduneko alkateari. Gainera, atzo
baldintza horiek onartu izan bagenitu ere, abuztuaren 11rako musika bolumenaren baldintzak
hilabete lehenagotik eskatuta zeuden eta atzo arratsaldean bertan ezetz esan zitzaigun, 92 dB-
tan egon beharko zuela kontzertuak abuztuaren 11n ere. Beraz borrokan hasi beharko genuen
berriz. Ez dira baldintzak. Etengabe borrokatzeaz nekatuta gaude, eta festak antolatzeko ezin
da uneoro borrokan jardun. Horregatik erabaki dugu festak bertan behera uztea. Eta biziki
eskertu nahi diegu musika taldeei erakutsi zuten jarrera.

Udalak egin dituen adierazpen batzuri erantzun nahi genieke. Salbuespenak onartu zituztela
adierazi dute. Baina nola? Bandoan baldintza batzuk zehaztuta zeudenean, egunean bertan
aldatzea eta legea haustea proposatu zen, korrika eta presaka. Horren aurrean, auzotarrek
kexak jartzeko aukera izango zuten, bandoan ipinitakoa errespetatu ez zelako, eta ziurrenik
Komisiyuaren kontra erabil zitekeen argumentua izango zen hori. Ez gara tranpa horretan
eroriko. Baldintzek aurretik egon behar dute adostuta, eta ez inposatuta, eta baldintza duinak
izan behar dute. Iruditzen zaigu fijazio bat dagoela Azken Portuko Komisiyuaren kontra.
Baldintzak azken momentuan zehaztea, pankartak jartzerakoan eta kamisetak saltzerakoan
udaltzainak arreta eske, programan etengabe akatsak aurkitzea, urtero baldintza okerragoak
ematen... Ez al duzue ikusten auzotarren gehiengo nagusia festa eredu honekin gustura
dagoela? Alkateak berak festen aurretik festa onak opa ondoren, gaur bertan pikutara bidali du
hau egin duen adierazpenarekin. Hauxe adierazi du:

Triste. Festak eta hauek baimentzen dituzten agintariak Arartekoarengana eta


epaitegietara eramaten diren garai hauetan, gogoan ditut Artetxe eta Xuperren garaitako
Santa Klara Festetako asto karrerak, gauerdiko xexenak eta Azken Portu eta Mari tabernen
aurreko Akelarre eta Nekezen berbenak. Garaiak aldatu dira eta gaurko gazteek nahiago dute
ordu eta mugarik gabe Chimo Bayorekin hu ha egitea.

Hara, hauek ez dira gaueko gazteen festa eta mozkorkeriak bakarrik, egunean zehar haur,
gazte eta helduentzat ekintza mordoa dago antolatuta, beste inon ez bezala. Guk inoren
kontra egin gabe denentzako festak antolatu nahi ditugu, eta lortzen dugu. Ikusi besterik ez
dago, milaka herritarrek erreakzionatu dute albiste honen aurrean sare sozialetan. Ikusi nola
dagoen plaza. Auzo guztietako festa batzordeen babesa jaso dugu. Eta aurten guztiak festarik
gabe geratu dira. Eta auzoko tabernak bere urteroko diru iturri nagusirik gabe geratu dira.
Denok ateratzen gara galtzen Udalaren jarrera honekin. Aski da. Herriko beste ekintza askotan
ez daude halako trabak. Berdintasuna nahi dugu ekintza denetan.

Urtero Udalaren kontra borrokan pasatzen ditugun tentsioak ezin du horrela segi. Espero
dugu hemendik aurrera Udalak gertatu dena kontuan izango duela. Datorren astelehenetik
aurrera hurrengo urtean denontzako egokiak diren baldintzak zehazten hasteko prest dago
Komisiyua, Udaletxearen proposamenen zain. Argi izan dezatela herria ez dela ixilduko, ez dela
geldituko honen aurrean, onean saiatuko gara ahal den heinean, baina ezin bada borrokarako
prest izango gara beti. Oraintxe da prozesuaren lehen urratsa. Hemen bildu zareten guztioi
mobilizazio bat egitea eskatzen dizuegu. Gurekin batera auzoan zehar eta herrira zarata handia
ateraz etortzea eskatzen dizuegu, oraintxe bertan, injustizia hau salatzera. Gaur, eta bihar
11:30etan berriz hemen elkartuko gara Udaletxe aurrera zarata egitera joateko. Zuen laguntza
garrantzitsua izango da. Mila esker eskaintzen ari zareten babesagatik, denok aterako gara
honetatik irabazten. Gora Zarauzko herritarrak.

You might also like